Desjabetuen Batzarra Durangon

by gari |

AHTk kaltetuko dauazan lur-jabeentzako deialdia

Denbora aurrera doa eta oraindino ez dakigu noz hasi gura dabezan Abiadura Haundiko Trena eraikitzeko lanak gure eskualdean. Hauteskunde kanpainan egunkari batean argitaratu eben martxoan sartuko zirala makinak Bizkaian. Zornotzan eta Lemoan desjabetzeak sinatu ebezan hilaren hasieran. Durangalde osoan topografia lanak egin dabez eta mendia poliziaz josi dabe lan horreek zaintzeko (ez ete dira konturatzen poliziaren indarrez inposatu behar badeuskue, eurek kentzen deutsiela zilegitasuna “guztiz demokratikoa” ei dan proiketuari?). Martxoaren 15ean mila lagun inguruk AHTren aurkako manifestazinoa egin eben Zornotzan…

Hori da gitxi gorabehera gaur egun AHTren inguruan Durangaldean daukagun egoera, eta bitartean, herritarrok informazinorik jaso barik jarraitzen dogu. Agintariak dana ezkutuan egiten dabiltza, eta lurrak kenduko deutsiezanai be ez deutsie behar dan moduko informazinorik emon oraindino. Horren aurrean, Durangoko AHT Gelditu Elkarlanak batzarra egingo dau desjabetuekaz datorren eguenean, apirilak 3, arratsaldeko zazpietan Pinondo Etxean.

Batzarrean ingeniari batek, abokatu batek eta eskualdeko alkate batek parte hartuko dabe, eta desjabetuei benetako informazinoa emongo jake eta lur-jabeek zalantzak argitzeko aukera eukingo dabe.

Desjabetuez ganera, baina, badagoz beste lur-jabe kaltetu batzuk be, eta eurek be ez dakie ezer. Trena egiteko hainbat eta hainbat lur desjabetu egingo dabez, eta horren truke dirua ordainduko deutse lur-jabeei. Baina trenaren ondoan geratuko diran lurrek be trenaren ondorioak jasango dabez, eta agintariek darabilen ezkutukeriaren ondorioz, bertako jabeek ez dakie euren lurren ganeko hainbat eskubide galduko dabezala. Lurrak eurenak izaten jarraituko dabe, ez dabe lurren titulartasuna galduko, baina, adibidez, traba asko eukingo dabez bertan eraikitzeko, zuhaitzak landatu eta bota edo bedarra erre gura dabenean baimena eskatu beharko dabe Madrilen… eta trukean ez dabe inongo ordainik jasoko. Beraz, trenaren ondoan lurrak daukiezan guztiei be deitzen deutsiegu datorren asteko batzarrera etorri daitezan euren lurren ganean daukiezan eskubideak zelan babestu jakin dagien.

AHT egiteko lurrak kendu behar badeutsuez edo AHTren inguruan lurrak badaukazuez, zatoze datorren asteko batzarrera eta agintariek ezkutatzen deutsuen informazinoa emongo deutsuegu.

DESJABETZERIK EZ!! AHTrik EZ!!

Related Posts

Put your related posts code here

Post a Comment

Durangoko AHT gelditu!Elkarlana

Durangoko AHT Gelditu! Elkarlana proiektu zentzugabe eta inposatu horrekin ados ez dagoen taldea da. Taldea sindikatuek, alderdiek, talde eragileek eta, batez ere, norbanakoek osatzen dugu.