Archive for apirila 29th, 2008

Gelditour Ekimenaren Abestia Eta Bideoa

AHT Gelditu! Elkarlanak Gelditour ekimena gauzatuko du maiatzaren 4tik 31ra bitarte, AHTren aurkakotasuna erakutsi, inposaketak errefusatu eta herri eztabaidak bultzatzeko. Fermin Muguruzak egindako kantua eta bideo berri bat aurkeztu dituzte gaur. Fermin Muguruza (aht-gelditu)

Maiatzaren 4tik 31ra bitarte, AHT Gelditu! birak, Gelditour deiturikoak, Euskal Herria zeharkatuko du.

Ekimen horrek helburu garbiak ditu. Batetik, egitasmoaren nahiz eragingo lituzkeen kalteen inguruko informazioa lau haizetara zabaltzea. Bestetik, AHTrekiko oposizioa ikusaraztea. Eta, azkenik, eragile nahiz gizarte sektore ezberdinak Abiadura Handiko Trenaren aurkako borrokara biltzea eta, bide batez, herri eztabaida zabalaren aldeko indarrak batzea.

Donostian egindako agerraldian, Gelditour-eko bideo laburra, esku orria eta Fermin Muguruza kantariak AHTren aurkako aldarria zabaltzeko egin duen abestia aurkeztu dituzte AHT Gelditu! Elkarlanekoek. Abesti horrek, AHT gelditzeko nahia Euskal Herriko txoko guztietan musika doinuen bidez zabaltzen laguntzea nahi dute antolatzaileek.

Gelditour maiatzaren 4an abiatuko da Kortes-etik, eta Iruñea, Gasteiz, Bilbo eta Ustaritzetik igaroko da, besteak beste, hilaren 31n Donostian amaitzeko.

Ahtren Aurkako Eguna Atxondon Maiatzaren 11n

Urtebete pasa da Atxondok Abiadura Handiko Trenari ezetz esan zionetik, urtebete pasa da atxondotarrok argi eta garbi horrelako azpiegiturarik ez dugula nahi esan genuenetik.

2007ko martxoaren 25a egun garrantzitsua izan zen atxondotarrontzako eta abiadura Handiko Trenaren aurkako
borrokarentzako, gure indar guztiak jarraitu eta oztopo guztien gainetik atxondotarrok gure oihua ozen zabaldu genuen: ATXONDOK AHTri EZ!! Herri eredugarria gara benetan, gure ahotsa eta indarra argi eta garbi erakutsi duen herria.

Atxondokarrok AHTri ezetz esan genion bezala beste hainbat herrik ere ezetz esan diote: Urbinak, Gasteizko kontseguek,
Itsasondok, Alegia, Angiozar, Aramaio, elorrio, Anoeta, Mugarre eta Ustaritze. Guztiok ezezko borobila eman diogu AHTri.

Hala ere, badirudi proiektu suntsitsaile honen eragileak ez dutela gure erabakia errespetatu nahi, ez digutela gure herrian zer egingo den erabakitzen utzi nahi. Baina hori ezin da horrela izan, atxondotarrok dugu gure herrian egingo dena erabakitzeko eskubidea, eta urtebete ondoren berdina oihukatzen jarraitzen dugu: ATXONDOK AHTRI EZ!!

Mugitzeko ordua heldu da, kalera irtetzeko ordua heldu da, hori dela eta datorren Maiatzaren 11an, AHT EZ EGUNA ospatuko dugu Atxondon:

Mendi martxa, 10:00etan Plazatik hasita
13:00etan enkartelada Apatako Plazan
13:30 triki poteoa
14:30etan bazkaria (tiketak liburutegian,Herrikon,Ilargin eta Erlaunpen)
16:30 antzerkia eta bideo emanaldia
Animatu eta parte hartu, guztion artean geldituko dugu!

Durangoko AHT gelditu!Elkarlana

Durangoko AHT Gelditu! Elkarlana proiektu zentzugabe eta inposatu horrekin ados ez dagoen taldea da. Taldea sindikatuek, alderdiek, talde eragileek eta, batez ere, norbanakoek osatzen dugu.