Erabakitze Eskubidearen Inguruko Adar Jotzearen Aurrean Sentada, Pankartak Eta Galderak
Gaur goizean, parte hartzeari buruzko ikastaroko Ibarretxe lehendakariaren aurkezpena dela eta, Abiadura Handiko Trenaren aurkari talde bat Miramar Jauregiaren sarreran eseri eta lotu egin da, beste batzuk inguran pankartak jarri dituzte, eta kurtsoan zeuden beste batzuk lehendakariari zuzenean galdegin diote.
Ekintza hauek guztiak lehendakariaren jarrera salatzen dute. Parte hartzeari buruz hitzegiten du eta kontsulta aldarrikatzen du, baina AHTren aurka agertu diren hainbeste eta hainbeste pertsonei entzungor egiten die eta jadanik kontsulta egin duten herrien erabakia ez du errespetatzen.

Goizeko bederatziak baino lehenago 20 pertsona inguru Donostiako Miramar Jauregiaren sarreran eseri da, Ibarretxe lehendakariak UPV-EHUko Udako Ikastaroetako parte hartzeari buruzko ikastaroaren aurkezpena hastera zihoan tokian. Beraien artean lotuta AHTren aurkako aldarriak oihukatu dituzte (…Aramaiok zer dio, AHTrik EZ, Angiozar-ek zer dio, AHTrik EZ, Anoetak… spx) eta AHTren inguruko kontsultak egin diren 11 herrien izenak zituzten kartelak erakutsi dituzte (AHTren kontrako emaitza argia izan da guztietan).

Kanpoan, errepide eta pasealekuaren inguruan ere salaketa bera daukaten pankartak jarri dira: “Herriek ezetz diote”, “NO TAV, Herriek erabaki”, “Herrien Erabakia Errespetatu, AHT EZ, TAV NO”.
Konferentzia areto barruan, lehendakariak salaketa berdinaren inguruko galderak entzun behar izan ditu: “Nola egin daiteke bateragarri parte hartzearen aldeko bere mintzaldia aldi berean Abiadura Handiko Trenari buruz hainbat herritan egin diren kontsultei kaso ez egitearekin?“
Gaur bertan ere, goizeko 12etarako kontzentrazioa eta “AHT eta Herri Kontsulta” parodia deitua dago Miramar Jauregiaren azpikaldean dagoen Ondarreta pasealekuan.
Sentada eta pankarten argazki gehiago
Hau da protesta ekintzaren komunikatu osoa:

