AHTren aurkako manifestazinoa Durangoko jaietan
Pasa dan zapatuan, Durangoko jaiak zirala eta AHTren aurkako manifestazinoa egin gendun. Manifestazinoaren
bitartean Batzokia AHTren aurkako pegatinekin apaindu gendun guztion artean. Amaieran, baserritar bati buruzko ipuina irakurri gendun irudiz lagunduta eta txalapartariek lagunduta. Ondoren, ume batzuek AHTrik ez dabela gura argi itxi euskuen: “Gure etorkizunaren alde AHTrik EZ” oihukatu eta trena ostikoka apurtu zuten. Azkenik, jarraian dagoan testua irakurri gendun. testue
Gaur egungo sistema kapitalistak eragindako krisi ekonomikoan murgilduta bizi gara, eta horren aurrean, Euskal Herriko eta Bizkaiko burgesiari bururatu zaion konponbidea zementuaren negozioan inbertitzea izan da: errepide gehiago, eraikuntza gehiago, Urdaibaiko Guggenheima, Jaizkibelgo superportua, Supersur errepidea… eta, zelan ez, Abiadura Handiko Trena. Berdin die gizarteak ze beharrizan sozial dauzkan, negozioa negozioa da, eta hori oso ondo jakin izan dute beti Eusko Alderdi Jeltzaleko agintari diruzaleek. Gure herrialdea suntsituz aberastu dira urtez urte eta horrela jarraitzeko asmoa daukate, baina heldu zaigu garaia estrategia txikitzaile hori behingoz geldiarazteko.
Gizartearen zati bat gogor ari da borrokatzen AHTren obren aurka, eta jaso dugun erantzuna, beti bezala, errepresioa izan da: ertzainek Goierriko eta Basauriko gazte bi jipoitu eta atxilotu dituzte, obrak egiten dabiltzan inguruetan kontrol poliziala itogarria da, mendi martxetan eta manifestazioetan indarkeriaz erantzun digute hainbat aldiz, orain dela hilabete Durangotik Abadiñora egindako mendi martxan jendea identifikatu zuten eta gazte bat atxilotu zuten, eta gainera, irainak, probokazioak eta mehatxuak etengabeak dira. Mendiolako obretara protesta egiten joan garen bakoitzean denetarik entzun behar izan dugu, baita heriotza mehatxuak ere; azkeneko perlak: “nos vais a comer la polla” edo “os vamos a matar y os vamos a enterrar con la tierra de las obras”.
Egoera larria da. Alarma gorria aspaldi piztu zen, baina hala ere, batzuetan iruditzen zaigu AHTren aurka dagoen gizartearen zati batek lokartuta jarraitzen duela, ez dakigu zeren zain. Itzartzeko garaia da, obrak gure eskualdean aspaldi hasi ziren, AHT gainean daukagu eta bada ordua behingoz kalera irteteko, mendira joateko eta txikizioa geratzeko, txikizioa hasita dago eta! Eta hasita egon arren, argi izan oraindik gelditu egin daitekeela eta gelditzen ari garela! Datorren domekan, hilak 26, martxa antolatu dugu Abadiñoko obretara, eta oso garrantzitsua da behar bezala erantzutea. Esan diezaiegun ezetz gure indar osoz! Ez gaitezen egon beste batzuek trena geratu dezaten itxaroten, ez! Ez badugu AHTrik nahi guk geuk geratu beharko dugu, baina guztion bultzadaz! Eta argi izan dezatela agintari diruzale ustel horiek geldituko dugula! Datorren domekan, eguerdiko 12etan Abadiñoko Txanporta plazan.





1 Trackback(s)