Ibarretxeren galdeketaren aldeko ekitaldian AHTrik EZ!!
Gaur, urriak 25, Ibarretxeren galdeketaren aldeko ekitaldia egin dute Durangon EAJ, EA, Aralar eta EB alderdiek deituta. Galdeketaren eta erabakitzeko eskubidearen aldeko ekitaldia izanda, EAJ eta EA AHTrekin egiten ari diren inposaketa salatu nahi izan dugu euren ekitaldian. Argi gera dadila gure asmoa inolako momentutan ez dela izan euren ekitaldia zapuztea, bertan zeuden alderdi bietako ordezkarien eta jarraitzaileen hipokrisia agerian uztea baizik. Horretarako eskuorriak prestatu ditugu jendeari banatzeko (testua atxikita dago euskaraz eta gaztelaniaz) eta baita AHT EZ zioten kartoizko letra batzuk. Letrekin euren aurrean jarri gara (euren ekitaldia oztopatu gabe) eta eskuorriak banatzeko ahalegina egin dugu.
Berehala jende multzo bat oihuka eta bultzaka gerturatu zaigu oso modu bortitzean. Bultzakadak eta ostikadak eman dizkigute, kartoizko letrak apurtu dizkigute, lagun bati aurpegian zauria egin diote letra batekin bultzaka hasi zaizkionean, iraindu egin gaituzte eta ez digute utzi gure eskuorriak banatzen. Gu denbora guztian ahalegindu gara gurea egiten eta berbaz baino ez diegu erantzun esanez informazioa eman nahi genuela, besterik ez. Oso jende bortitza etorri zaigu aurre egitera, eskuorriak kendu eta lurrera bota dizkigute, baten batek keinuak egin dizkigu ukabila altxatuta, eta gorrotoz betetako esaldiak bota dizkigute gaztelaniaz: ” Yo sí soy violento!”, “Te mato!” edo “Te voy a arrancar los cojones a mordiscos!”. Etorri zaizkigun guztiak gizon helduak izan dira, eta, esan bezala, bortizkeria handiz jokatu dute gure aurka.
Berehala, zelan ez, polizia autonomikoa etorri zaigu, eta, beti bezala, gure kontra ekin diote. Gu bultzazen, iraintzen eta jotzen ibili direnei ezer esan gabe, gu bazter batera eraman gaituzte eta han eduki gaituzte denbora batez gutako batzuk identifikatzen zituzten bitartean. Poliziei esan diegu besteek jo gaituztela gu eta guk ez dugula ezer egin, baina, noski, haiei ez diete ezer esan eta beti bezala gu identifikatu gaituzte.
Barregarria izan da euren ekitaldiaren amaieran Ibarretxeren testua irakurri dutela entzutea. Erabakitzeko eskubidea eta bakea gora ete behera denbora guztian testu horretan, eta gu han, ekintza baketsu bat egitera joan arren indarkeriaz erantzun digute “bakea” aldarrikatzen zeuden berdinak.
Argi utzi nahi dugu gure protesta baketsuaren helburua EAJk eta EAk erabakitzeko eskubidearen inguruan duten jokaera hipokrita salatzea izan dela eta ikusi dugu zelako erantzuna eman diguten. Gogoratu hemen duzuela atxikita alderdi bi horien hipokrisia salatzen duen testua: nor-nori-nork









2 Trackback(s)