Obrak hasi dira Durangon!!
2009ko Otsailak 14
Egun on,
Durangoko Elkarlanak deitutako prentsaurreko honetan, Elkarlana osatzen dugun pertsonez eta taldeez gain,
Durangoko beste hainbat talde eta herritar ere elkartu gara, guztiok Abiadura Handiko Trenaren aurka. Prentsaurreko honen bidez Durangon obrak hasi direla jakinarazi eta salatu gura dugu.
Lotsagarria bada ere, guk, herritarrok egin behar dugu publiko obrak hasi direla, gure Udala isilik baitago hasiera-hasieratik. Dagoeneko hilabete edo izango da Tabirako igerilekuen ondoan makinak eta zaindariak sartu zituztenetik. Hala ere, Durangoko Udalak eta Aitziber Idigoras alkateak ez digute herritarroi ezer esan. Proiektu osoan bezala, orain ere ezkutuan jokatzen ari dira.
Tabiran makinak agertu zirenean zalantzak izan genituen askok, ea han egin behar duten biribilgune edo errotondarako ote ziren ala AHTren lanetarako. Azkenean, gauza biak batera hasi zituztela jakin genuen, baina hasieran, Udaleko ordezkariek eurek ere ez zekiten ezer ziur. Udalean galdetu izan
denean, alkateak berak onartu du AHTren lanak izanez gero ere ez litzatekeela harrigarria izango eurek ezer ez jakitea, informazio gutxi ematen baitiete. Aste honetan bertan, oraindik ere Durangoko Udalari ez zaio ofizialki jakinarazi obrak hasi direla. Informazio faltaz kexatzen zen Idigoras, baina gero berak berdin jokatzen du herritarron aurrean. Udal bati, eta gainera Durangokoan EAJk agintzen duela kontuan hartuta, informazio gutxi ematen badiote, zer demontre emango digute guri ba? Betikoa, ezkutukeria eta isiltasuna.
Ez gara harritzen baina, Durangoko Udalaren ezkutuko jokaeraz. Urte bi izango dira, Ziarrusta aurreko alkateak
durangar bati esan zionetik informazioa berak, herritarrak, eman behar zuela, Ziarrustak ez zeukalako ezer egiteko asmorik. Idigoras ere Ziarrustaren eskolakoa da eta argi utzi digu berriro ere.
Zergatik agertu behar gara gu, herritarrok eta herriko taldeok, obrak hasi direla plazaratzen? Zergatik ez digu Udalak ezer jakinarazi durangarroi? Zalantzarik gabe, AHTk eragin kaltegarria izango du gure bizitzetan eta gure etorkizunean, eta hala ere, ez dugu merezi obrak hasi direla jakitea ere?
Proiektuaren hasieratik oso nabarmena izan da informazio falta, baina hori gutxi delakoan edo, gainera, azkenaldian, gauza benetan arraroak egin dituzte:
-Batetik, Durangoko azken desjabetzeak urrian sinatu nahi izan zituzten, Durangoko, Izurtzako eta Iurretako lurrak lapurtzeko asmoz. Desjabetze haiek bertan behera utzi zituzten deitutako egunetan bertan, proiektuan aldaketak egin behar zituztelako; orduan, zertarako deitu zituzten desjabetze haiek?
-Ondoren, aldaketak egin eta gero, Izurtzako lurrak obretatik kanpo geratuko zirela jakin genuen; zelan da posible obrak hasi baino hiru hilabete lehenago trazaketa oraindik guztiz zehaztu gabe egotea eta horrelako aldaketa handiak egiten ibiltzea?
-Azkenik, desjabetzeak abenduan sinatu zituzten, baina Durangoko Udalak ez zituen sinatu, oraindik Tabiraren gainean egin nahi duten zubi-bidearen trazaketa negoziatzen ari zelako ADIFekin; desjabetzeak sinatu nahi zituzten eta orain obrak hasi dituzte, baina oraindik ez dituzte zehaztu zubi-bide edo biaduktuaren xehetasunak? Zertara jolasten ari dira?
Horrek guztiak argi uzten du euren artean ere ez direla konpontzen euren azpijokoak gauzatzeko orduan. Iruzurra alde guztietatik, eta gainera, txarto egindakoa… Eta euren artean horrela jokatzen badute, argi dago gero herritarrokin askoz okerrago dabiltzala.
Esan bezala, obrak orain dela hilabete inguru hasi ziren Durangon, baina lehenagotik ere lanean ibili dira. Aspaldi hasi ziren neurketa topografikoak
egiten, eta horren ondorioz, era guztietako polizia ekartzen hasi ziren herrira eta AHTren ibilbidearen inguruetara: ertzainekin eta guardia zibilarekin nahikoa ez, eta zaindari pribatuak jarri zituzten hainbat lekutan, herriko alde jakin batzuetan kalez jantzitako ertzainak ibiltzen hasi dira etengabe… Durangoko zenbait auzotan, kontrol polizial horren ondorioak eta trabak jasan behar izan dituzte dagoeneko: Larrinagatxun eta Tabira aldean, edo Iurretako San Andres auzoan adibidez, bertakoek asko igarri dute kontrol hori eguneroko bizimoduan.
Lanean hasi diren arren, Abiadura Handiko Trenak obrak hasi aurretik zeukan zilegitasun berbera dauka, hau da, batere ez. Nahi dituzten gezur guztiak esango dituzte, eta euren komunikabideek gizartean zabalduko dituzte haiek esandakoak, baina lotsagarria da Lopez Gereñu Garraio sailburuak joan den astean egindako adierazpenak entzutea. Krisi-garaian egonda AHT eraikitzea inoiz baino beharrezkoagoa dela esan zuen. Noiz konturatuko dira konponbidea ez dela gizartea txikitzea? Gure ingurua suntsitzea? Horrek betikoei baino ez die ekarriko aberastasuna, eta horrek ez du konponduko ez krisia ez langabezia ez ezer. Ez da izango gizarte osoaren onerako, betiko alderdikide eta enpresarientzako onura bakarrik ekarriko du. Eta gainera, ekonomikoki ere ez da bideragarria izango, eraiki eta gero ere beti behar izango duelako finantzaketa publikoa, ez baita gai izango sortutako gastuak berreskuratzeko. Beti bezala, argudiorik ez dagoenean, errazena mezu sinplista eta leloa botatzea da, eta kito, komunikabideek euren gezurrak zabalduko dituztenez guztia eginda daukatela uste dute; baina, horrelakoak esanda lelotzat hartzen gaituzte ala? Gizartea horrela engainatu behar dute?
Azalduko digu Aitziber Idigorasek, adibidez, zer onura ekarriko digun durangarroi AHT eraikitzeak? Oraintxe bertan gure eskualdeko enpresak gero eta okerrago daude. Durangar pilo bat beldurrez daude euren lanpostuen etorkizuna kolokan ikusten dutelako edo dagoeneko langabezian daudelako, eta gainera, langile guztion zergetatik hartutako diru mordoa gastatu behar dute AHT eraikitzeko, jakin arren gero durangarroi ez digula inolako zerbitzurik emango, ez digula inolako onurarik ekarriko. Azalduko digu Aitziber Idigorasek, mesedez, zer irabaziko dugun durangarrok halako txikizioaren truke? Ez, ez digu azalduko, ez daukalako zer azaldu, AHTk ez digulako inolako onurarik ekarriko.
AHTren obrekin Madrilgo eta Gasteizko gobernuak inposaketaren bidetik ibili izan dira beti. Orain ere, obrak hasi dituztela eta, AHT aurrera doala erakutsi nahi digute, ez dagoela beste irtenbiderik, baina guk ez dugu horrelakorik onartzen. Proiektua oraintxe bertan gelditu daiteke, eta guk, herritarrok, gelditu dezakegu eta geldituko dugu. Ez dezatela pentsatu gure lurrekin, gure herriarekin eta gure seme-alaben etorkizunarekin nahi duten moduan jolastu dezaketenik. Ez diegu utziko.
Aurrerantzean, orain arte bezala, AHT Gelditu Elkarlanak gizartean informazioa banatzen eta proiektuaren aurka borrokatzen jarraituko du. Horretarako, zenbait ekimen prestatu ditugu datozen asteetarako:
-Datorren zapatuan, hilak 21, manifestazioa eguerdiko 12:30ean Kafe Antzokiaren ondotik hasita.
-Hurrengo zapatuan, 28an, mendi martxa kaltetutako lurrak ikusteko. Goizeko 10:00etan Andra Marin.
-Martxoaren 5ean, eta hemendik aurrera hileko lehen ostegunetan, kontzentrazioa Batzokiaren aurrean.
Eta horretaz gain, kalean egoten jarraituko dugu eta etxez etxe informazioa banatzen jarraituko dugu. Ez dezatela pentsatu makinak sartu dituztelako borroka hau galdutzat emango dugunik eta etxera joango garenik. Beraz, durangar guztiei dei egiten diegu kalera irteteko. Orain da protestatzeko eta erokeria hau gelditzeko unea. Orain borrokatu ezean, gero ez du ezertarako balioko negar egiteak.
Aurrera ba guztiok! Oraindik bidea luzea da, baina badakigu arrazoia daukagula, eta azkenean, arrazoiaren indarrak irabaziko du eta ez eurek inposatu nahi diguten indarraren arrazoiak.
MILA ARRAZOI DITUGULAKO, AHT GELDITU!


1 Trackback(s)