Durangoko Larrinagatxu auzoa txikitzen hasi dira!
Eusko Jaurlaritzak, Durangoko Udalaren babesarekin, aurrera jarraitzen du txikizioarekin gure herrian eta eskualdean. Durangon, otsailean salatu genuen obrak hasi zirela. Orduko hartan Tabirako igerilekuen ondoan hasi ziren. Hainbat astez zuhaitzak bota, lurra mugitu eta pistaren bat zabaldu zuten eta ondoren bertan behera utzi zuten guztia. Orain, Durangoko beste auzo batean hasi dira: Larrinagatxun. Eta otsailean salatu genuen moduan, gure herriko Udalak isilik jarraitzen du. Noiz demontre esan behar digute durangarroi gure bizimodua baldintzatu eta gure ingurua izorratuko duen txikizioa hasi dutela? Hainbeste lotsatzen ote dira Aitziber Irigoras gure herriko alkatea eta EAJ bere alderdia egiten dabiltzanaz eta horregatik ez dira ausartzen ezer esaten? Zergatik hainbeste ezkutukeria eta isiltasun beste behin ere?
Inposizioaren bidetik jarraitzen dute, hasiera-hasieratik egin duten bezala, baina argi izan dezatela herritar asko eta asko horren aurka gaudela eta ez garela isilik eta geldi geratuko, eurek hala nahi gaituzten arren. Beti bezala, euren erantzuna errepresioa baino ez da, eta horren haritik aspaldi bete zuten leporaino gure eskualdea poliziaz eta segurtasun-zaindariz eta hainbat isun jarri dizkigute, azkena aste honetan bertan heldu zaio Durangoko gazte bati.
Hori da bidea, Aitziber Irigoras? Hain argi badaukazue gizartea proiektu ustel horren alde dagoela, zergatik beldurtzen gaituzue zuen poliziekin? Hain demokratikoak bazarete eta herritarrotaz hainbeste arduratzen bazarete, zergatik ezkutatzen diguzue egiten zabiltzatena? Zuen arabera AHTk herritar guztioi hainbeste onura ekarriko badizkigu, zergatik ez duzue aurpegia ematen hain harro omen zaudeten hori aldarrikatzeko?
Guk argi dugu zeintzuk diren gure arrazoiak eta zein den gure bidea, eta horretan jarraituko dugu etsi gabe.
EZ DUGULAKO NAHI ETA EZ DUGULAKO BEHAR, AHT GELDITUKO DUGU!
Jose Luis Bilbao diputatuari galdera
2009ko Durangoko liburu eta diska azokan egindako ekintza
2009ko Durangoko liburu eta diska azokan egindako manifaren bideo finala


1 Trackback(s)